KaXeRo @ Mundua

Aldaketa bat bi aldiz

Tira, zer dira hiru urte hemen ezer idatzi gabe? Batek pentsa dezake aldaketa gutxi izan direla azken denboraldian baino kontrakoa juxtu. Azken mezua idatzi ta urtebetera hasi ziren gauzak aldatzen.

Hainbat elkarrizketa tarteko lan berria topatu nuen eta 2014ko azaroan NetApp enpresa hasi nintzen lanean. NetApp almazenamendu (storage) munduko liderretako bat da. Bartzelonan zen postua eta Field Support Engineer lanetan ibili naiz. Horrelako izenek txunditzen naute: edonork asmatu dezake horrelako bat eta irudimen pixkatekin ziur badela lanik hori deskribatzen duena. Nire funtzioa? Ba pixka bat gehiago ordaintzen zuten bezeroei bizitza errazago egitea.

NetApp-en, lehen Network Appliances, logotipoa.

Postua Bartzelonan izan arren denbora gehiena EHn egin nuen: urruneko lana, a ze aurkikuntza! Londres eta hainbat aldiz Amsterdamen ere izateko aukera izan nuen. Baita Valentzia, Madrid, Burgos, Alicante, Logroño, Vigo, Pau, Toulouse eta beste hainbat tokitan ibili naiz, gehienetan zehatz-mehatz non nintzen ere jakin gabe. Azken bidai handia Berlinera izan zen, enpresaren Europako feriara, Insight deitzen dena eta ehundaka pertsona biltzen dituena. Tempelhof-eko aireportuan izandako afari-festa oraindik liluratuta nauka. Txikira eta gertutasunera ohituta gaudenok, edo ni behintzat bai, horrelako eszenifikazioekin zorabiatu moduan geratzen naiz.

Berlinen, Tempelhof-eko aireportuan izandako afaria NetApp-en Insight konferentzian.

Baino storage merkatua ez da garai batean zena. Amazon eta beste cloud-ak,  flash teknologiak eta lehiatzaile berrien sarrerak merkatuan, entzuteaz nazkatu nauen krisiarekin batera, zenbakiak behera egin dezaten lortu dute. Behera ez du esan nahi galera, lehen bezain beste ez irabaztea baizik. Burtsan dagoen NetApp-en inbertsoreek diru gehiago nahi dute ordea eta ez den tokitik atera ezin denean barrutik pisua kendu behar.

1500 langile, enpresaren %12 inguru, kaleratzea izan zen erabakietako bat. CEOak dionean irabazietatik 70-80 milioi dolar gorde dituela kaleraketak ordaintzeko , badakizu ez dela txantxetako kontua. Ez dakit beste 1499ek argi ikusi zuten, baino nire susmoak bete ziren eta martxoaren 1ean kaleratu ninduten.

“Ez zara zu, gu gara”. “Ez duzu ezer gaizki egin baina (zurekin sekula hitz egin ez duen eta zertan zabiltzan ez dakien norbaitek zure zenbakia ikusi eta enpresaren ekonomiarentzat edo, hobe esanda, inbertsoreen irabazientzat zu ez egotea onuragarriagoa dela deritzo)”. “Ez da besterik, mila esker zure 16 hilabeteko esfortzuarengatik”. Hotza da, errealitatea da.

Trajikomedia baten modura gertatu zen dena eta ziur nago Madrilgo bulegoan ikusi ninduten askok ez dutela inoiz ahaztuko nola izan zen dena. Bat baino gehiago aho zabalik ustea lortu nuen behintzat! Horrelakoak hobe beti umorez hartu eta aurrera egin.

Bi aste potroz gora eta berriz martxan jarri behar. Kontziliazio ekitaldia Madrilen, elkarrizketak, deiak, mezuak, animoak, gomendioak, erreferentziak, liburuak, laborategiak, azterketak…: kaosa, noraeza eta etsipena. Zerbait berri hasi, zerbait zaharra berreskuratu, kanpora joan, oso kanpora joan, etxean geratu, datorren lehena hartu, bide orri bat sortu…?: aintzinako mamuak ikusi lotan eta kezka berriekin esnatu goizetan.

Lagunak, lankideak, ezagunak eta familia, berria jakin bezain pronto, jartzen dira alternatibak eta irteerak aipatzen. Eskerrik asko denei. Aurreko enpresetatik ere lan aukerak jasotzeak behintzat argi uzten dit gauza bat: gauzak ondo egin behar dira, bizitzak buelta asko ematen baititu.

Eta ezin esan bat-batean baina bai lan askoren ondoren, izerdi eta dar-darren ostean, eskaintza interesgarri bat iritsi zen. Eskolako patioan futbolean eta futbolari izateko ametsetan dabilenari Errealean jokatzeak eman dakioken zirrararen edo pasioz sutartean dagoen sukaldariari miresten duen Arzak alboan lan egiteak soru dakioken bertigoaren adinakoa da bizitza erdia Linux eta software librearekin frikeatzen eta lerro hauek idazten dabilenari Red Haten lan egiteko aukera izateak.

Maiatzaren 10az geroztik Red Hateko langile naiz eta Senior Cloud Consultor da nire lanaren titulua. Zereginak oraindik ez ditut ehuneko ehunean garbi, baino OpenStack, Ceph, Ansible, Kubernetes eta horrelako hitzen atzean ezkutatzen diren teknologia ireki eta boteretsuekin ibiliko naiz jo ta ke.

Red Hat-en logoa, Shadowman-ekin, langileok jasotzen dugun fedora gorriarekin.

Postua Madrilen da eta oraingoan ez da, printzipioz behintzat, urreneko lana. Lehen proiektua Tres Cantos izeneko herri batean da. Horregatik, hementxe nago, alokairuan hartu dudan pisu huts batean, Ikeako Lack mahai bat aulkitzat dudala, ia ilunpetan, egongela labe bilakatuta bertan erretzen dabilen oilaskoa ni banintzateke bezala. Hasierak ez dira inoiz errazak eta hasierako malda hau gainditzen laguntzen dabiltzan orori nire eskerrik beroena.

Bihotz bihotzez besardaka bero bat txanpa berri hau lortzen lagundu didan edonori. Ikus dezagun nora naraman abentura berri honek!

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-ShareAlike 4.0 International License.

Exit mobile version