Munduraten agurra

Aste hontan jarri genuen Mundurat koma egoeran. Munduraten inguruan egindako edozein eskaerak mezu bera erakutsiko du, hau da, egun gutxi barru itzaltzen dela proiektua. Amaiera duin bat eman nahi nion arren azken asteotan trabak sortu dira baina berriz aktibo da azken egunetan datuak kopiatu ahal izateko. Testutxo honekin omenaldi txiki bat egin nahi det.

Orain dela bederatzi urte pasatxo hasi genuen Mundurat proiektua eta bere ibilbidea amaitzera doa. Nire uste xumean Euskal Herriak sarean duen historiaren zatitxo bat izango da Mundurat. Ziur naiz ez dela Euskal Herrian txoko ilunik zeinetatik ez den norbait Munduratera konektatu, informazio bila edo Google bidezko bilaketa erratu baten erruz.

Mundurat izena 2002koa den arren, 2001an jaio zen proiektua Zarautzen, nire logelan. Etxeko ADSL konexioak IP finkoa zuen, garai hartan normala zen moduan, eta etxera zakarretara bidean zen zerbitzari bat iritsi zen, 300Mhzko PUZ bat zuen Zenith (Bull) makina zaratatsu bat. Konexioa Telefonicak garai hartan eskaintzen zuen ADSLrik normalena zen: 256/128 kbps. Hau da, 32 eta 16 KB ziren abiadura teorikoak. Guk ADSLa genuen bitartean etxe askotan oraindik modemak ziren errege, eta, 16 KBko abiadurak, modem horiei webguneak ohituta zeuden abiadurara eskaintzen zizkien: oso motel.

Zerbitzaria, nola ez, GNU/Linux pean instalatu genuen, Debian Woody batean, eta «koletito» izena jarri genion, lagun baten untxiarekin izandako txantxa baten ostean. Agian ez da izenik politena izango baina hasieran zuen ‘server’ baina itsurosoagoa bada. Instalatzen eta konfiguratzen laguntza behar izan nuen horrelako kontuetan guztiz ezjakina nintzelako. Hortarako ni baina askoz jantziagoa zen Julen-en laguntza izan nuen. Gure hasierako intentzioa herriko eragileei doako ostalaritza zerbitzu duin bat eskaintzea zen, garai hartan horrelakorik ez zelako. Ez Flickr, ez Youtube, ez WordPress, ez ezer. Gu, aldiz, nire gurasoei esker nituen baliabideak erabilita, zerbait txukuna sortzeko moldatu ginen. Herriko zenbait taldek eta lagunek gustura hartu zuten txoko bat disko gogorrean, baina pixkanaka herritik kanpora zeuden proiektuak iritsi ziren, musika talde ezagunen baten webgunea bera ere tartean. Ezin ahaztu gure 3com 812 routerrak IParen ‘reversea’ egiten ez zuelako anaiak berritxarrak-en webgunera sartzean routerreko konfigurazio orria zergatik agertzen zitzaion azaltzen ibiltzea. Bide batez, zenbat aldiz zirikatu ote genuen txiki gaixoa kamixetak lortzeko?

Pixkanaka proiektua geroz eta “serioago” eta beharrezkoagoa bilakatu zen, eta, ondorioz, konexioa eta makina motz geratzen hasi ziren. Gogoan dut kanpoan ikasten nenbilela birus baten ondorioz makina hilabete itzalita mantendu behar izan genuenekoa. Bai, birusa eta Linux… hori ere guri gertatu behar. Herriko lagun batek (aupa beste Julen!) eskua bota eta ahal zuenean dena konponduta eta txukun-txukun utzi zuen, baina kaltea egina zegoen. Makina 3 astez zerbitzua eskeini gabe egon zen eta horrek webguneetara sarbide eteteaz gain hainbat posta galtzea suposatzen zuen. Zerbait hobean pentsatu beharra zegoen.

Makina etxetik atera eta Bartzelonan kokatu genuen, garai haietan bertan nintzelako, konexio hobea zuen toki batean. Etxean gustura geratu ziren egun guztia piztuta zegoen makinarik gabe. Etxera itzultzen nintzeneko lo orduak ere lasaiagoak bilakatu ziren haizagailuen zalapartarik gabe. Konexio berriaren potentzia lehen unetik igertzen zen baina orain makinak mugatzen gintuen.

Ahal genuen moduan iraun eta asanblada birtual eta fisiko pare baten ondoren, hainbat ekimen antolatu genituen finantziazioa lortzeko asmoz. Lortu eta erantzun. Makina dotore bat lortu, «argala», eta berriz mugitu ginen, oraindik eta hobea izango zen kokaleku batera, gaur arte. Oraindik makina hori daukagu martxan toki prekarioan, baina azken egunak ditu hauek. Antolakuntza egonkor eta indartsu baten faltak eraginda, eta, urte askotako baiezkoen ostean, gaur egungo egoera kaos hutsa da. Denbora geroz eta gutxiago, eta proiektu kopuruaren gorakada etengabea. Noizbait eztanda egin behar zuen eta iritsi da horren unea. Errudunik bada, zati handi batean ni neu naizela esango nuke, lanak behar bezala ez banatu izanagatik-edo; baina tira, ez da faktore bakarra izan, beraz, ez dut nire burua zintzilikatuko. Egindako lanaz eta emandako izerdiaz harro nago, eta proiektuan parte hartu duten guztiek ere horrelaxe egon beharko lukete, oso harro.

Beraz, hauxe da Mundurat proiektuaren ibilbidea zeharka, lerro gutxitan azalduta. Ehunka lagunei eman behar dizkiet eskerrak proiektuan parte hartu dutelako, nahita edo nahigabe, interes handiz edo beharrak asez. Mila esker, beraz, hor egon zareten denoi eta beste proiekturen batean ikusiko gara. Gora Mundurat!

* Artikulu hau azaroan Gaur8 aldizkarian argitaratutako artikulu batean oinarrituta dago

3000 hiztegia Android-en

Ia urte t’erdi noa Android mugikorrak erabiltzen. HTC Magic bat daukat telefono pertsonal moduan eta lan berrian HTC Desire bat eman digute. Desire-ak izugarrizko egurra ematen dio Magic-ari, askoz potenteagoa da. Hala ere enaiz Sense-rekin oso ondo ematen.

Kontua da aurreko astean garapen xinple bat egitea bururatu zitzaidala, baina oraingoan amaitu eta argitaratzeko intentzioarekin, orain arteko egindako froga txikiak frogak besterik izan ez direlako.

Eta gaur horixe egin det, aplikazioa “amaitu” eta Market-era igo.

Aplikazioak 3000 hiztegian kontsultatzen du eta erantzunak erakusten ditu, bakoitza lerro berri batean. Interfazea ez dago oso landua baina sinpletasun horretan oso erosoa iruditzen zait. Instalatu, frogatu eta iritzia eman. Aplikazioaren izena 3000 hiztegia da.

Android mugikorrik ez duenarentzat bideodemo txiki bat egin det. Market-ean dagoen bertsioa pixkat ezberdina da baina funtsean bideoak ongi erakusten du aplikazioa.

Eta Iphone-erako norbaitek ikusi nahi badu, oparitu iezadala Mac bat, Iphone bat eta garatzaileek behar duten harpidetza ;-P

Bestalde aipatu Josu Aztiriak twitter bidez esan duela Elhuyar-ek urte bukaerako euren hiztegientzat Android eta Iphone aplikazioak kaleratuko dituztela.

EHUn izena eman nahiean

EHUn izena eman nahiean nabil postgradu batean. Erabiltzaile eta pasahitzak sartu ostean datu gehiago eskatu dizkit eta hauen artean posta helbidea. Nire helbidea sartu eta “Helbide elektronikoaren formatua ez da zuzena” dioen mezu zoragarri batekin erantzun dit. Nire eposta ez da zuzena?

JavaScript kodea begiratzen hasi naiz eta hauxe topatu det:

function validarEmail(valor) {
     if (/^\w+([\.-]?\w+)*@\w+([\.-]?\w+)*(\.\w{2,3})+$/.test(valor)) {
        return (true)
     }
     else {
        return (false);
     }
   }

Regexp-arekin borrokatu nahi ez duenarentzat laburpena: posta helbidearen domeinuaren TLDak 2 edo 3 hizki izan ditzazke asko jota. Ondorioz .info, .mobi, .coop, .museum, .aero, .asia, .travel edo .jobs TLDak ez dira onartzen. Noizbait .eus lortuz gero honekin izena eman ahalko dudala jakinda lasaiago geratze naiz.

Ikastaroaren ondorengoak

Gustora irten ginen ostiralean Putzuzulon eman genuen Ubuntu ikastarotik. 20 lagun biltzea lortu genuen eta tartean 13 urteko gazte kuadrila bat.

Zita 16:30tan izanik, 16:00 inguru agertu ginen azken ukituak amaitzera: proiektorea prestatu, dokumentazioa errepasatu, usb giltza batean ubunturen instalatzailea sartu, sarea baieztatu, denatarik pixkat alegia. Ordu erdi beranduago eta beti bezelako puntualitate ezarekin jendea igotzen hasi zen.

Iratxek apurtu zuen izotza bion buruak aurkeztuz eta ondoren agertu zirenei berdina egiteko eskatuaz. Hasi berriak, hasteko zuedenak eta eskarmentaturen bat ere bazen. Diapositibaz lagunduta azalpenak eman ziren eta tarteka jendeak lasai galdetzen zuen. Teoria eta filosofia ikusi osten zati tekniko oso labur bat eman eta instalazioekin hasi giñen. Guztira 6 portatil utzi genituen txukun txukun Ubuntu 10.04 bertsioarekin, baina izerdi pixkat ere bota behar izan genuen.

  • Mikel, ikasi oraindik jendeak 32bit-eko sistemak dituela. 7 CD eraman genituen, horietako 6 64bit-eko bertsioarekin eta bakar bat 32bit-ekoarekin. Guztira 3 behar izan genituen beraz USBan 32bit-ekoa idatzi eta portatil bat amaierarako utzi behar izan genuen.
  • Partizioen borroka. Sistema bakoitza mundu bat da eta instalatzen hasi aurretik disko gogorra nola dagoen partitua jakitea ez dator gaizki. Fabrikatzaile batzuk mega gutxi batzuk hartzen dituzte partizio ezkutu batean, beste batzuk aldiz diskoa bitan zatitzen dute. Beste batzutan aldiz erabiltzaile bat 5 partiziorekin agertzen da bakar bat zer den jakin gabe.
  • Hardwarea beti izango da oztopo bat. Oraindik gogoan dut Haritz Rodriguez-i 2006ean nola lagundu behar izan nion wifi txartela funtzionarazten b43-fwcutter erabilita. Ba 4 urte beranduago (mila esker broadcom!) berdinetan gaude eta liberatu genuen portatil hoietako batean berdina egitea tokatu zitzaigun.
  • Kernel berriek arazoak konpon ditzazkete, batez ere portatil oso berrietan. Ubunturen beta bat jartzea aukera den arren nik nahiago soilik kernel-a eguneratu sistemari aldaketa gehiago egin gabe.

Gure asmoa ez da ostiraleko festara mugatzea eta erabiltzaileek nahi izanez gero kurtso berriak emateko prest gaude. Jolastu dezatela pixkat euren sistemarekin eta beharren arabera eska dezatela. Ziur naiz 27zapata-ri zerbait bururatzen zaiola!

Ez dakit nork irakurriko duen hau baina norberaren herrian antzeko ekimenak egitera animatuko nuke, esperientzia polita bezain liberagarria delako. Laguntza behar bada eskatu besterik ez dago ahal den neurrian emateko.

Software Libre ikastaroa Putzuzulon

27zapatak bere blogean idatzi du honen berri eta nik nerea ere erakusleiho bezela erabili nahi dut gaurkoan. Datorren larunbatean, hilak 18, Software librearen nazioarteko eguna da eta ospatzekoa asmoz ostiralean, hilak 17, Putzuzulo Amets Fabrikan elkartuko gara Software Librearen munduak sortzen dituen galdera eta kezkak erantzuteko asmoz. Iratxe Esnaola eta biok ibiliko gara maixu lanetan eta honako egitaraua dugu planteatuta.

Irailak 17 ostirala, 16:30etatik aurrera:

  • Sarrera
  • Teoria minimo bat
  • Ubunturen instalazioa [ windows partizioa mantenduz; nahi baduzue, zuen ordenagailua ekar dezakezue ]
  • Aurrera begira: paketeak eta aplikazioak
  • Aurrera begira: nola segi etxean, norberak bere kabuz

Bazatoz?

Eustat-en zerbitzari berria

Gaur Euskadi Innovak igandero bidaltzen duen boletinean Eustatek 400.000 euro inguruko zerbitzari bat erosi nahi duela irakurri det. Estekak jarraituz pliego teknikora iritxi naiz eta bertan honakoa topatu det:

“3.3 Sistema Operativo y compatibilidad con ORACLE y Data Core.
El sistema operativo del servidor a adquirir debe ser UNIX o LINUX, y debe indicarse en este
caso de que sea LINUX que distribución es (Debian, RedHat, etc…), así como su versión.
Así mismo se deberá indicar en la oferta técnica el diferente Software que se suministrará y
que funcione sobre el LINUX o UNIX ofertado.
EL sistema operativo ofertado debe cumplir las siguientes certificaciones: Certificación UNIX
03.; y Certificación EAL4+
a la que se suma ALC_FLR.3 CAPP, RBACPP.”

Gaur egun ez da GNU/Linux banaketarik Unix 03 zertifikatua, SUS 03 izenarekin ere ezaguna, betetetzen duenik. EAL4+ aldiz bai, SLES eta RHEL.

Ez dakit zein puntutarainoko garrantzia izan dezakeen pliegoan agertzen diren puntu bakoitza bete beharrak baina kasu hontan GNU/Linux banaketa batekin zaila SUS 03 betetzea.

Sare neultratsuna

Pasa den astean Gaur8rako artikulu bat idatzi nuen sare neutraltasunaren inguruan.  Arazo teknikoren baten ondorioz edo berandu ibili nintzelako, batek daki, Txopik prestastu zidan irudia ez zen argitaratu eta pena eman zidan, irudia espreski egin zidalako korrika eta presaka azken momentuko jabber elkarrizketa batean.

Irudiak euskaraz sare neutraltasuna galduko balitz izango genukeen arazoetako bat azaltzen du ulertzeko modu errazean eta lizentzia egoki batean. Beraz hor irudia, svg fitxategia eta nire eskerrik beroenak Txopi!!

net-neutrality-300ppp
Irudia formatu bektorialean

Arazoak firewall-arekin

Mexiko-n nabil egunotan eta CTC deitzen dioten egoitza batean pasatzen ditut orduak trenak espiatzen. Sare berezi bat dugu gela hontan beste ordenagailuetatik kanpo. Kanpora irteteko FortiGate 60B router bat, firewall eta guzti. Firewall honek hainbat helbide mozten ditu, batzuk kriterio onekin (twitter, facebook, tuenti, marca) eta beste batzuk ez (librezale, musikherria). Kuriosoa egiten zait adibidez Librezale Advocacy Organizations” etiketapean egotea eta Mundurat adibidez libre egotea. Baina gaur frogak egiten gauza kurioso bat topatu det. Jozak paeta.

fortigate

Txapela buruan

Azkenaldian idatzi gabe ibili ondoren, azken txangoaren berri ematea tokatzen da. Bruselatik bueltan Thalys-en AHT batean DUTen txapa soinuak entzuten noa, etxera buelta nolabait animatu behar delakoan edo. Azken aldian handik honan nabilenaren inpresioa det gainean baina ez da bidai honekin amaituko.  Astebete Bruselan pasa ostean Euskal Herrira iritxi eta bertatik bueltan Mexikora noa, hilaren 10tik martxoaren 1a bitartean, gutxienez.

Bruselara iazko FOSDEMaren esperientziak utzitako zapore gazi-gozoa kentzeko balio izan dit. Ume txiki baten moduan ibili nintzen Belgikan egin genituen 48 orduetan eta minutu gehienak aprobetxatzen saiatu arren, oso denbora gutxi izan zen eta ezin hiriaz nahi adina gozatu. Aurten hori konpontzeko asmoz, 8 eguneko txangoa izan da, asteburua soilik izan behar.

Zentruko pixu batean montatu degu operazio basea eta beheko pixuan Euskal Herriko errefortzuak genituen. Lehen egunak Belgikako hainbat hiri bixitatzeko aprobetxatu genuen (Oostend, Brujas, Anberes eta Gent) eta ondoren Bruselan bueltaka ibiltzeko, parrandak tartekatuz. Bertako gastronomiaz gozatu (txokolateaz eta pixu pareko restaurante greko eta italiarrez), edari tipikoekin berotu (ezin zerrendatu esku hartetik pasa diren garagardo izen guztiak, baina denak izugarriak), transporte publikoan galdu eta bertako fauna autoktono ezarekin nahazteko patxada izan degu.

Azken asteburua aldiz FOSDEMera mugatu da, ahal bezain beste gauza ikusi eta ikastera, ezagunak nonnahi topatze nituen bitartean. Konferentziak bikain egon dira, antolakuntza zoragarri eta eguraldia lagun, ezin ezerrek huts egin! ULB unibertsitatean ez geunden bitartean Grand Place-n ‘frikien’ bila ibiltze giñen, askori kilometro t’erdira igertzen zaielako FOSDEM zaleak direla. GNOMEko kamixeta polit batekin nator etxera zarauzko musika plazan norbaitek topatu nahi banau.

Baina amaitu da. Orain etxera, maletatik gauzak atera, garagardoak hozkailuan sartu, txokolatearen banaketaren logistika planeatu eta bihar lanera. Lanera joan, enpresan egin diren lan elkarrizketak nola joan diren ikusi, azken kode aldaketak igo/jaitsi eta berriz maleta egitera. Mexikon dugun proiektuaren balidazio bat medio berriz joan behar dena ongi irten dadin ziurtatzera. Azken bidaian ezin izan genuen behar bezain beste frogatu “istripu” baten ondorioz eta orain froga haietaz gain berri batzuk. Espero dena ongi joatea eta martxoko lehen astean etxeko giroaz gozatu ahal izatea.

Udazkeneko aldaketak

Beti esan det udazkena dela neretzat urteko sasoirik onena. Agian ni jaio nintzelako da, agian hego haizez itsasoa politago ikusten dudalako da, edo lurreko hosto lehorrak zapaltzean entzuten diren doinuek lasaitzen nautelako. Batek daki. Kontua da udazkena aldaketa garaia izaten dela, edo nik behintzat horrela ulertzen dudala.

Bi urte ta pikuz nere etxe izan den Bull eta bezero izan den Eroski utzi eta abentura berri batean murgiltzen naiz. Elorriotik Donostiara. Multinazional eta kooperatiba batetik startup txiki batera. Sistemak administratzetik programatzera (fase hontan behintzat) nagusiki. Giro erdaldunetik euskaldunera. Eta lehen lanegun moduan Mexikora bidaia, aste t’erdiz gutxienez.

Bull-en gustora ibili naiz. Lankide jatorrak izan ditut eta beti erakusteko prest zeudenak. Gehienak 50 urtetik gorakoak izanik, gustora entzuten nituen 70-80. hamarkadako kontuak. Nork esango luke Eroskin ia garai hartako sistema bat dagoenik oraindik! Pena bakarra “hildako” proiektu batean denbora gehiegi egon izana da, ezer berririk egin gabe, eman ahal nituen guztiak aprobetxatu gabe.

Eroskiri buruz aldiz liburu oso bat idatz nezake. Laburbiltzen, ez zait kooperatibako giroa gustatu, ez sartu nintzeneko bonantza garai haietan ez gaur egun duten egoera txarrean. Jende jatorra esku bateko hatzez zenbatu ahalko nuke kasi. “Externoa” izanik nahiko mugatuta zaude bertako bizitzan eta bigarren mailako langile bat zarela argi geratzen da, eta bestela lasai, gogoraziko dizute. Horrenbeste jenderen artean gauza xelebre asko ikusi ditut baina beti egin zait arraroa formakuntza handirik gabeko batzuk goiko postuetan ikustea, esku artean zer duten ere ideiarik gabe, haizeak nondik jotzen duen ere ez dakitela. Bihotzez espero det hori IT departamendua bakarrik izatea, ze denak horrela badira, jai dute. Gehiago jakin nahi duenak twitter bidez botatzen nituen mezuak irakurtze besterik ez du.

Baina tira, orain etorkizuna da garrantzitsuena. Lankide guztiei zorte on desiatu ondoren, ordu gutxi barru Hondarribitik hegazkina hartu eta Madrilera noa. T4 terminalean pixkat nazkatu eta 12 orduko bidaia putzuaren bestaldera, Mexico City-ra. Bertan trenekin eta hauen segurtasunarekin zer ikusia duen proiektu bati heldu behar diot, edozein errekor gaindituko lukeen abiaduran gauza gehiegi ikasten ditudan bitartean.

Handik itzultzean esku artean ditudan hainbat proiekturi eutsi ta beste batzuei hautsak kendu beharko dizkiet. Etxetik gertuago egonik eta ordutegi hobeaz arazo handirik ez izatea espero det!

Mila esker azken bidaia hontan esku bat botatzeko prest egon diren guzti hoiei. Ez det uste hau sekula irakurriko dutenik baina tira, aupa zuek!