Udazkeneko aldaketak

Beti esan det udazkena dela neretzat urteko sasoirik onena. Agian ni jaio nintzelako da, agian hego haizez itsasoa politago ikusten dudalako da, edo lurreko hosto lehorrak zapaltzean entzuten diren doinuek lasaitzen nautelako. Batek daki. Kontua da udazkena aldaketa garaia izaten dela, edo nik behintzat horrela ulertzen dudala.

Bi urte ta pikuz nere etxe izan den Bull eta bezero izan den Eroski utzi eta abentura berri batean murgiltzen naiz. Elorriotik Donostiara. Multinazional eta kooperatiba batetik startup txiki batera. Sistemak administratzetik programatzera (fase hontan behintzat) nagusiki. Giro erdaldunetik euskaldunera. Eta lehen lanegun moduan Mexikora bidaia, aste t’erdiz gutxienez.

Bull-en gustora ibili naiz. Lankide jatorrak izan ditut eta beti erakusteko prest zeudenak. Gehienak 50 urtetik gorakoak izanik, gustora entzuten nituen 70-80. hamarkadako kontuak. Nork esango luke Eroskin ia garai hartako sistema bat dagoenik oraindik! Pena bakarra “hildako” proiektu batean denbora gehiegi egon izana da, ezer berririk egin gabe, eman ahal nituen guztiak aprobetxatu gabe.

Eroskiri buruz aldiz liburu oso bat idatz nezake. Laburbiltzen, ez zait kooperatibako giroa gustatu, ez sartu nintzeneko bonantza garai haietan ez gaur egun duten egoera txarrean. Jende jatorra esku bateko hatzez zenbatu ahalko nuke kasi. “Externoa” izanik nahiko mugatuta zaude bertako bizitzan eta bigarren mailako langile bat zarela argi geratzen da, eta bestela lasai, gogoraziko dizute. Horrenbeste jenderen artean gauza xelebre asko ikusi ditut baina beti egin zait arraroa formakuntza handirik gabeko batzuk goiko postuetan ikustea, esku artean zer duten ere ideiarik gabe, haizeak nondik jotzen duen ere ez dakitela. Bihotzez espero det hori IT departamendua bakarrik izatea, ze denak horrela badira, jai dute. Gehiago jakin nahi duenak twitter bidez botatzen nituen mezuak irakurtze besterik ez du.

Baina tira, orain etorkizuna da garrantzitsuena. Lankide guztiei zorte on desiatu ondoren, ordu gutxi barru Hondarribitik hegazkina hartu eta Madrilera noa. T4 terminalean pixkat nazkatu eta 12 orduko bidaia putzuaren bestaldera, Mexico City-ra. Bertan trenekin eta hauen segurtasunarekin zer ikusia duen proiektu bati heldu behar diot, edozein errekor gaindituko lukeen abiaduran gauza gehiegi ikasten ditudan bitartean.

Handik itzultzean esku artean ditudan hainbat proiekturi eutsi ta beste batzuei hautsak kendu beharko dizkiet. Etxetik gertuago egonik eta ordutegi hobeaz arazo handirik ez izatea espero det!

Mila esker azken bidaia hontan esku bat botatzeko prest egon diren guzti hoiei. Ez det uste hau sekula irakurriko dutenik baina tira, aupa zuek!

CC BY-SA 4.0 This work is licensed under a Creative Commons Attribution-ShareAlike 4.0 International License.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude