Munduraten agurra

Aste hontan jarri genuen Mundurat koma egoeran. Munduraten inguruan egindako edozein eskaerak mezu bera erakutsiko du, hau da, egun gutxi barru itzaltzen dela proiektua. Amaiera duin bat eman nahi nion arren azken asteotan trabak sortu dira baina berriz aktibo da azken egunetan datuak kopiatu ahal izateko. Testutxo honekin omenaldi txiki bat egin nahi det.

Orain dela bederatzi urte pasatxo hasi genuen Mundurat proiektua eta bere ibilbidea amaitzera doa. Nire uste xumean Euskal Herriak sarean duen historiaren zatitxo bat izango da Mundurat. Ziur naiz ez dela Euskal Herrian txoko ilunik zeinetatik ez den norbait Munduratera konektatu, informazio bila edo Google bidezko bilaketa erratu baten erruz.

Mundurat izena 2002koa den arren, 2001an jaio zen proiektua Zarautzen, nire logelan. Etxeko ADSL konexioak IP finkoa zuen, garai hartan normala zen moduan, eta etxera zakarretara bidean zen zerbitzari bat iritsi zen, 300Mhzko PUZ bat zuen Zenith (Bull) makina zaratatsu bat. Konexioa Telefonicak garai hartan eskaintzen zuen ADSLrik normalena zen: 256/128 kbps. Hau da, 32 eta 16 KB ziren abiadura teorikoak. Guk ADSLa genuen bitartean etxe askotan oraindik modemak ziren errege, eta, 16 KBko abiadurak, modem horiei webguneak ohituta zeuden abiadurara eskaintzen zizkien: oso motel.

Zerbitzaria, nola ez, GNU/Linux pean instalatu genuen, Debian Woody batean, eta «koletito» izena jarri genion, lagun baten untxiarekin izandako txantxa baten ostean. Agian ez da izenik politena izango baina hasieran zuen ‘server’ baina itsurosoagoa bada. Instalatzen eta konfiguratzen laguntza behar izan nuen horrelako kontuetan guztiz ezjakina nintzelako. Hortarako ni baina askoz jantziagoa zen Julen-en laguntza izan nuen. Gure hasierako intentzioa herriko eragileei doako ostalaritza zerbitzu duin bat eskaintzea zen, garai hartan horrelakorik ez zelako. Ez Flickr, ez Youtube, ez WordPress, ez ezer. Gu, aldiz, nire gurasoei esker nituen baliabideak erabilita, zerbait txukuna sortzeko moldatu ginen. Herriko zenbait taldek eta lagunek gustura hartu zuten txoko bat disko gogorrean, baina pixkanaka herritik kanpora zeuden proiektuak iritsi ziren, musika talde ezagunen baten webgunea bera ere tartean. Ezin ahaztu gure 3com 812 routerrak IParen ‘reversea’ egiten ez zuelako anaiak berritxarrak-en webgunera sartzean routerreko konfigurazio orria zergatik agertzen zitzaion azaltzen ibiltzea. Bide batez, zenbat aldiz zirikatu ote genuen txiki gaixoa kamixetak lortzeko?

Pixkanaka proiektua geroz eta “serioago” eta beharrezkoagoa bilakatu zen, eta, ondorioz, konexioa eta makina motz geratzen hasi ziren. Gogoan dut kanpoan ikasten nenbilela birus baten ondorioz makina hilabete itzalita mantendu behar izan genuenekoa. Bai, birusa eta Linux… hori ere guri gertatu behar. Herriko lagun batek (aupa beste Julen!) eskua bota eta ahal zuenean dena konponduta eta txukun-txukun utzi zuen, baina kaltea egina zegoen. Makina 3 astez zerbitzua eskeini gabe egon zen eta horrek webguneetara sarbide eteteaz gain hainbat posta galtzea suposatzen zuen. Zerbait hobean pentsatu beharra zegoen.

Makina etxetik atera eta Bartzelonan kokatu genuen, garai haietan bertan nintzelako, konexio hobea zuen toki batean. Etxean gustura geratu ziren egun guztia piztuta zegoen makinarik gabe. Etxera itzultzen nintzeneko lo orduak ere lasaiagoak bilakatu ziren haizagailuen zalapartarik gabe. Konexio berriaren potentzia lehen unetik igertzen zen baina orain makinak mugatzen gintuen.

Ahal genuen moduan iraun eta asanblada birtual eta fisiko pare baten ondoren, hainbat ekimen antolatu genituen finantziazioa lortzeko asmoz. Lortu eta erantzun. Makina dotore bat lortu, «argala», eta berriz mugitu ginen, oraindik eta hobea izango zen kokaleku batera, gaur arte. Oraindik makina hori daukagu martxan toki prekarioan, baina azken egunak ditu hauek. Antolakuntza egonkor eta indartsu baten faltak eraginda, eta, urte askotako baiezkoen ostean, gaur egungo egoera kaos hutsa da. Denbora geroz eta gutxiago, eta proiektu kopuruaren gorakada etengabea. Noizbait eztanda egin behar zuen eta iritsi da horren unea. Errudunik bada, zati handi batean ni neu naizela esango nuke, lanak behar bezala ez banatu izanagatik-edo; baina tira, ez da faktore bakarra izan, beraz, ez dut nire burua zintzilikatuko. Egindako lanaz eta emandako izerdiaz harro nago, eta proiektuan parte hartu duten guztiek ere horrelaxe egon beharko lukete, oso harro.

Beraz, hauxe da Mundurat proiektuaren ibilbidea zeharka, lerro gutxitan azalduta. Ehunka lagunei eman behar dizkiet eskerrak proiektuan parte hartu dutelako, nahita edo nahigabe, interes handiz edo beharrak asez. Mila esker, beraz, hor egon zareten denoi eta beste proiekturen batean ikusiko gara. Gora Mundurat!

* Artikulu hau azaroan Gaur8 aldizkarian argitaratutako artikulu batean oinarrituta dago