Mikel-(r)en bidalketa guztiak

Euskal Wikipedian mikroformatuak integratzen

Lehenik eta behin barkamena eskatu hainbat artikulu hankaz gora jartzeagatik eta oraindik zuzendu ez izatenagatik aldaketen ondorioz.

Ia bi asteko lana izan da eta oraindik guztiz amaitua utzi ez dudan arren, Euskal Wikipedian ditugun hainbat artikulutan ‘geo’ mikroformatua agertuko da txantiloietan egin diren aldaketen ondorioz (hCard ere, baina hau oraingoz ez da oso erabilgarria). Hau da, artikulua duten hainbat herri, hiri, mendi, herrialde edo eraikinek koordenatuak jarrita bazituzten lehendik, orain printzipioz koordenatuez gain datu hauek mikroformatuen bidez identifika ditzazkete Google, MSN eta antzeko bilatzaileek eta baita gu geuk Firefox-en Operator gehigarria ipiniaz adibidez.

Eguneraketa: orain gainera goikaldean agertzen den munduatxoari klik eginda WikiMiniAtlas-a agertzen da. Oraingoz froga moduan jarri dugu (esker mila TXiKi) eta inori arazorik ematen ez badio zerbitzari mailan aktibatzeko eskatuko da (orain gure aldean dago jarrita eta eguneraketak eskuz egin beharko lirateke javascript kodean).

Mikroformatuak erabiltzea orain oso errexa da Koord izena duen txantiloia erabiliaz. Oraingoz dokumentazioa nahiko kaxkarra dela badakit baina adibideak ikusita, nola dabilen nahiko argi ikusten dela pentsatu nahi det. Egun genituen hainbat txantiloietan (EHko mendiak, Udalerriak, …) koor url eta koor title erabili beharrean zuzenean Koord txantiloia erabilita modu errexago eta garbiago batean berdina lortzeaz gain funtzionalitate gehiago lortzen ditugu!

Adibide moduan:

zarautz2.jpg

WikiMiniAtlas-a aktibatua eta Operator-en Geo mikroformatua detektatua.

 

hiruerrege2.jpg

Euskal Herriko zenbait mendik ere badute koordenatuen informazioa.

 

atotxa2.jpg

Baita eraikin batzuk ere!

Oraindik lan asko falta da (dokumentazioa txukundu, azken txantiloiak migratu, datuak ondo daudela ziurtatu…), beraz, edonork arazorik ikusiko balu, eskertuko nioke nire lankide eztabaida orrian idatziko balit!

BIOSa, Windows eta ingeneru baten kezkak

Maiz entzun eta egin ditut ingeniari informatikoen eta hauen karrera/ezagutzen inguruko komentarioak. Badakit Windows bat instalatzen ez dela erakusten eta GNU/Linux banaketa bat ere nola jarri ez dela ikasketa hoietarako materiala, baina batzutan hainbat urte ikasten pasa ostean baten batek egin ditzazkeen galderak izugarriak dira. Elkarrizketa hau larunbateko arratsaldeko 5etan gertatu zen, lo kuluxka bat botatzen nebilela (Elorrioko festetatik bueltan, etxera 1.30tan iritxi ostean):

– Bai?</ultratunba>
– Esnatu indit? Barka zak
– Ez, lasai, esnatu inbernin ordu hontan bestelare. Ze, zesatek?
– Bi gauza zezkat
– Hasi aurrenetik ba!
– Eztek eukiko eskura Windows XPn CD bat eskura ez?
– Puf, ba uantxe ideiaik ez… beitu inberko nike…
– Kontua dek anaiai ordenadoria ekarri ziotekela eta Vista zekak ta nik eztit nahi
– Ba esandakua, beitu inberko nike…
– Nik berez bazekat, baño etziak iten. Hori berez CDa sartu, ordenadoria piztu ta inberkolike ez?
– Ba BIOSian CDtik abiaratzeko esate bayok, bai.
– Ajam. Ta hori nola itek?
– mmm, adarra jotzen ai aiz ez?
– Ez.
– Hi, seriyo, uantxe esnatu diakela, benetan ai haiz hori galdezka?!
– Bai. Ze klaro, nola sartze nauk, pantaila etziak eta rekonoziuko…
– Hi… broma dek ez?
– Keba keba, windows ezpazekat instalatuta nola rekonoziuko ziakpa pantaila?!

Azkenean azalpen erdi tekniko bat eman zerbait uler zezan eta bigarren kontua komentatu ostean tabernara omen zihoan, kuadrilakoen bila. Tabernara iritxi eta aurreneko galdera: “nola sartzek BIOSea?”. Kuadrila erdiya zur da lur. Eta elkarrizketa komentatu ta gero geyo…

Betiko kontua, karreran horrelako gauzak eztia erakusten. Bale, ados, ondo. Baina 5 urteko karrera baten horrelako gauzengatik interes minimoa eduki beharko da ez? Gero batzuk intrusismo laboralaz kexatuko dira…

Ethernet txartelak identifikatzen

Irailak 15, niri eragingo didan Geminis proiektuaren zatia abian jarriko da. Eroskin migraketa erraldoi bat egongo da. Eraiki berri duten “etxetxo” batera eramango da CPD osoa. Egun luze batzutarako lana izango dute batzuk; nik printzipioz gure zatia ondo egiten dutela eta nik kudeatzen ditudan sistemak arazorik ez dutela ziurtatu besterik ez.

Kudeatzen dudan makina nagusiak 5 sare interfaze ditu eta kableak zein txartelak etiketatuak joango diren arren burutik pasa zaigu nola jakin genezakeen intefaze bakoitza ze txarteli zegokion makina martxan zegoelarik, produkzioan. Pixka bat bila ibili ostean:

# ethtool -p ethX [segunduak]

Honek sare txarteleko argiak keinukari jarriko ditu modu erraz batean identifikatzeko. Nire portatileko sare txartelean ez dabilen arren, frogatu ditudan makina ia denetan ez dit arazorik eman (sare txartel popurri elegante bat). Komando txoro bat, baina grazia egin diguna.

Google-ek enau ezagutzen

Google-ek enau “ezagutzen” eta ondorioz goiz guztian egiten nituen bilaketak birus batek edo spyware aplikazio batek egiten dituen bilaketak eginak diruditela esaten ibili zait. Nik!? Nik ez ditut horrelako bilaketak egiten eta…

Lehen aldiz gertatu zaidanean enuen sinisten. Microsoft-ek atera duen tafiti bilatzailea frogatu nahi nuen (Silverlight-ekin egindakoa, plugina beharrezkoa), eta bilaketaren emaitza irudikoa izan da.

Tafiti eta google

Konpetentziari blokeatzen ibiliko ote ziren pentsatu det hasieran, baina gero bilaketa gehiagorekin berdina gertatu zait. Agertzen diren klabe hoiek hainbat aldiz jarri eta hainbat orduren ostean lortu det normaltasunez erabiltzea. Baina, zer dela eta arazo hau? Orokorra izan da ala nire bilaketak arraroegiak dira?

Orain errusiarrak omen dira, ez polakoak

Maiz entzun det katalanieraz mintzo direnei ‘polako’ deitzen zaiela. Parrandaren batean ere azaldu zidaten honen nondik norakoa, baina enaiz oroitzen. Baina gaur, egunero erabiltzen dudan aplikazio baten aldaketak honakoa topatu det eta grazia egin dit.

2007-08-02  Jordi Mas <jmas at softcatala dot org>

        * ca/ca.po: Added Russian translation by Joan Duran
        * ca/figures: screenshots
        * Makefile.am: Added ca to DOC_LINGUAS.

Kontxo kontxo. Orain polakoak izan beharrean errusiarrak izango ote dira? Beno, eskerrak zuzenketa egiteko denbora gutxi behar izan zuten.

Hurrengo geltokia, azken portua.

Astelehena. Goizeko 9:44, Zarautz, Munipen alboko kalean behera maleta bat eta maletin txiki batekin txinga moduan hortxe doa azken 3 egun hauetan parrandan ibili den herritar “anonimo” bat. Batzuk festetako desfasak izerditan botatzea ona dela dioten arren, nik berriz, esnatzeko modu gogor bat edo zuzenean tortura bat dela pentsatzen det. Gutxienez, tren geltokiko nagusiak (edo itu kuttunak esango lukeen moduan “etxekoandreak”) trenari 30 segundu itxaron dezan eskatu dio eta hartzerik izan det. Eskerrak. Asteko lehen eguna eta dagoeneko korrika…

Azken hiru egun hauetan SKAPA-ko festetaz gozatzen ibili gara modu eroan. Herriko festak beharrean auzo bateko festak diren arren, hauexek dira benetan ‘herriko’ festak, herri lanez eginak (aupa komisiyo hori), herriarekin (aupa gu bezelako azken orduko bolondresak), herriarentzat (jarri hemen zure izena). Abuztuko jairik onenak pasa dira eta orain balorazioa egin behar (bai, onenak, dudik gabe, ereñozukuak ekainian diata).

Ostiralean, lanetik irten eta panorama kuriosoa: txoznetara joateko kuadrilako bi bakarrik… azalduko omen dira besteak tantaka. Lehen mojitoa negargarri sartzen zaigu… txoznako gazte hauek oraindik eztakite azukrea behian geratzen zaiola eta batikauari bezela astindu behar zaiola. Bigarrena aldiz ederra. Hortik aurrerakoak ezin hobeak. Lagun zaharrekin egon, gau giroaz gozatu, eta ahal den neurrian balantzak neurtu. Goizeko 5.30ak aldera gosea sartu ta hortxe tropeltxoa okindegira, txoznen ondoren festa giroaren bigarren puntu berora. Iritxi eta txundiren esaldi demoledorea: “ah, baño hemen bokailuak iteixkiye!?”. Ondo Txundi. Azken 6 urte hauetan nun demontre ibili haiz hi? 😉

Hurrengo egunean ajea pasatzeko eta marea goi-goian dagoela ikusiaz, piszinara. Bertan gure gorputz grekoak bota eta hantxe, eonian. Azken hau kirol arriskutsu bat den arren, oraindik badaukagu energia beste zerbaitetarako eta gure kuadrilak eduki dun pala partiduik interesantenetako bat jokatzeko aukera izan nun, goian esan bezela, aurreko egunekoak izerditan botatzeko. Bigarren partiduaren klimax-ean geundela ordua hartua zuten gazte bi etorri eta akabo egun hartako gure jolasak… baina orain buelta tokatzen da… izango da honen berri! (Urtzeialtarrak hormara!) Indar berritzeko Bordatxon afaritxoa, agobio pixkat beroz bustia, Arranon “etxeko” patxaranez amaitua. Hortik txoznetara, ta bertan, ttak: “bi berditugu arren erruki turno bat betetzeko”. Ezin ezetzik esan.

Txoznetako turnoak gustoko ditut. Nere kuadrilan agian oraindik bada honegatik kobratu egiten dela pentsatzen duen baten bat, baina guk zintzurra apur bat bustitzeko ematen diguten bitartean gustora. Sagarroi-en kontzertuan tokatu, eta ikusteko gogo handiak eduki arren barrutik abesten pasa behar ordu bi. Aurreko astean ere beste turno bat egin nuen Getarian (aupa familia!) eta egia esan ez dute antza askorik izan. Getarikoa “ritmikoa” eta lasaia izan bazen, larunbatekoa Garaten spinning klase famatu hoien moduko zerbait izan zen. Turnoan geundela katxi bat atera genuen edateko eta lehen 15 minututan trago pare bat eman bagenizkion arren, hurrengo ordubete hortxe egon behar izan zuen, kieto, bazter prexko batean, azkenportuar egarriek kastigatua. Hemendik nire gorroto eta pirrilera erraldoi baten desioa 12 zurito eskatzeko morala izan zun gizaseme horrentzat (s/giza/xxxx).

Eta azkenik, herri bazkaria. Kuadrilako 4 eta Zarautz t’erdi. Menuan ardo beltza eta patxarana nere albokoarentzat eta guretzat honetaz gain ensaladila, musa deitzen zioten zerbait eta oilasko izterra saltsan. Zerbait gutxi jan, sari banaketaz gozatu (aupa beatza showman), bertso duelo-pikian parre in, kontzertuak hasi bitartian deanbulatu patxaran bat eskuan deularik eta azkenik, egun argiz, kontzertuak auzoko plazan. MKT gazteak ondo. Txixaparrazta “klasikoak” ikearri. Kisap azkenportuar-balentziarrak hitzik gabe. A ze girua. Benetan ondo asmatua plazan egitea, eszenatoki txikiak giroa askoz gehiago berotzen du eta Aurum-ak aldiz euro batea izerdiyak preskatu (kalidad prezio daon garagardoik onena omen da… baina nik uste Eroski ta zarautzko gazte asanbladan arteko tratu ilun bat daola tarten).

Afari trixte baten ondoren bertso saiyo handira. A ze jende pilua. Berandu iritxitare, giruan sartzeko arazo gutxi. Saiyo ona eta iparralden “ah” ta “oh” berren “üh” iten dala ikasteko aukera. Eta ondoren, aldapa bera. 12:30tatik 3ta, 5 miñuturo” bo.. ni laixte etxea niek, biyar lana zekat” (eta 2 eguneko parranda, herri bazkai ta guzti). Eta oraintxe arte.

Laburpen saiakera moduan:

  • Patxaranga hormara!
  • Tabernak sutara!
  • Hau da desgraziya II
  • Pozte naiz gazte jende aktibua daola ikustian! (naizta batenbatek mojitua burutik bera botatzia merezi dun)
  • Nere gonbite zintzerona neskakiko kontratua etxen utzita ateratzeko. Neska bai, parranda ere bai!
  • Zozoak beleari ipurbeltz
  • Julenx ta Rubiok akatuko naute pendiente dazkaten gauzak in ez izanagatik

Astelehena. Goizeko 11k, Durangoko tren geltokia, Elorriora lanera bi ordu ta piku berandu (baimenarekin) doan baten kronika izan da hau. Espero gaur lanean gerra askorik ez ematea. Asteartean parranda gehiago. Ostiralean afaiya klasen ibilitako neska batzukin. Larunbaten Giri egun erraldoia (norberak jakingo du etorri daitekeen edo ez) eta igandian udarako pala partidua, apostu ta guzti. Abuztu gogorra.

Bizitza “berria”

Ze berri galderari maiz zaharrak berri erantzundakoa naiz, baina datozen egunotan erantzun komodin hau baliogabe geratuko zait. Gaur sinatu det azken 9 hileotan nere lantokia izan den Gara egunkarian finikitoa. Ez da xamurra izan eta batek baino gehiagok egin dit parre neskarekin moztea bezala definitu dudanean. Ixilik sartu nintzen urriko 23 eguzkitsu batean fondoko bulego batera eta makina bat lagunekin irten naiz gaurkoan, nahi baino ixilago, eztarriko korapiloa medio.

Epe luze hontan hainbat proiekturi eutsi behar izan diot eta makina bat gauza ikastea tokatu zait: Gara berria, Gaur8 proiektu “osoa”, hauteskundeak, zerbitzari guztien berrantolaketa (solaris gaxua :P), swish-e (gora title-ak!), barra-barra zer den, Jeffrey jainkoari nola gurtu, edozein apostu tonto egin makinako txokolateak ordaindu edo irabazteko, kakahueteekin batek lan gustorago egiten duela, zuzendariari bazilatzeak bere bueltako ekintza duela, pasahitz arraroekin parrez lehertu gaitezkeela, MacMini batean Windows jarrita enaizela apo bat bihurtzen ikusi (ia bi aldiz frogatua!), AEBko hauteskundeetarako hautagaiaen zerrenda buruz, D’Hont-en legean master bat atera (eta gero ez ondo aplikatu!), log-ak rotatzea zein garrantzizkoa den ikusi, azafata bat dela guri mutu geratzeko armarik onena… eta honela beste zilloi bat gauza.

Bihartik aurrera beste lantoki batean hasi beharko naiz hutsetik eta Gara proiektuan kolaboratzaile moduan jarraituko det (Gaur8ko artikuluak gutxienez). Orain tokira moldatu (Elorrio, Bizkaia), lankide berriak ezagutu, enpresak nola funtzionatzen duen irudikatu (Bull + Eroski) eta nere esku artean ibiliko diren zerbitzariak zenbat lan emango didaten imaginatu (IA64 + RHEL + Oracle + …). Gainera bizitzeko gelatxo bat ere topatu behar det egunero kotxez 120km ekiditu ahal izateko… ea ez dudan gehiegi erotu behar zerbait topatzen.

Mila esker azken 9 hile hauetan egunero zombie baten moduan agertu arren laneguna alaitu didazuenei.

Mila esker aukera hau egin aurretik lagundu didazuenei, batez ere pizza batez gozatzeko aukera izan zenutenei 😉

“Festa” bai, borroka ere bai!

Maiz entzun det lelo hau eta ala behar du. Festa borroka eginez eta borrokan festa eginez ahal denean gauzak hobe egiten direlako. Egunotan “Euskal Encounter“-ean nabil, hau da, informatikarien “festa” batean. Gehiago esanda, lehen “encounter” beharrean zuzenean “party” zen, hau da, “euskal party”.

Ba batzuk goian aipatutako leloa ongi ikasia dute eta euskal-era ere borrokara etorri dira

aht stop!

AHT STOP!

Dell eta teklatu berria

Maiz entzun behar izan ditut hainbat enpresen zerbitzu teknikoen inguruko kexak: bidalitako portatilaren ordez beste bat itzuli, hilabete t’erdi disko gogor bat aldatzeko, konpondutakoa konpondu ez eta 2 asteren ostean eta etxera itzuli… (kasualitatea, oraintxe bururatzen zaizkidan 3 kasuak ACER markakoak dira…)

Bildurra besterik ematen ez duten kontu hauek ekiditeko ‘konfidantzazko’ marka batena jo dut oraingoan ere. 4 urte t’erdiz Dell portatil bat ibili ostean (Inspiron 8200), otsailean berria erosi nuen (Latitude D820). Marka mordoa egon nintzen begiratzen, baina inork ez zidan konfidantza handiegirik ematen eta aurreko esperientzian oinarrituta, beste Dell-a erosi nuen. Oraingoz asmatu dudala dirudi.

Aurrekoan teklatua arraro zebilen: ‘y’ sakatzean ‘t’ bat idazten zuen, ‘shift’ edo bloq ‘mayus’ sakatzean ere ‘t’ bat idazten zidan eta guztiz onena zena, ezabatzerakoan hainbat aldiz sakatu behar nuen tekla bakarra ezabatzeko. Hasiera batean 2.6.22 kernel berria jartzeari bota nion errua, baina 2.6.20ra itzultzean berriz gaizki zebilela ikustean programaren batena behar zuela pentsatu nuen. 3-4 egunez estresatu ostean, Windows-en egin nuen froga eta berdin. Azkenik, badaezpada, GRUB-ean frogatu nuen txorakeriak idazten lerro berri batean eta baita ere BIOS-eko pasahitza sartzerakoan. Kaka. Ez da sistema eragileen arazoa. Teklatua izorratu da.

Hori guztia igandean egin nuen. Dell-en webgunera jo eta bertan zerbitzu teknikoa astelenetik ostiralera dela ikusi ostean, astelenean lanera eraman nuen portatila, bertatik deitzeko. 12ak aldera, txokolatearen ostean, deitu egin nuen. Lehen saiakeran 5 bat minutu telefonoan egon ostean kolgatu egin zidaten. Ezin hitzekin adierazi… askori tokatu zaigu hori…

Bigarren saiakeran zorte hobea. Neska jator batek hartu zidan eta datuak eman ostean, berehala esan zidan zer egin: portatila ‘desmontatu’ eta teklatua kendu eta berriz jarri. Lankide baten laguntzaz, umore dosi handiz eta pazientzia karroka batez armatuta (destorniladoreaz gain, noski), asmatu genuen teklatua kendu eta berriz jartzen. Froga egin. Kaka.

Neskak zuzenean, froga egin aurretik badaezpada betetzen zebilen teklatu berria bidaltzeko tramitazioa. Berdin jarraitzen zuenez UPS bidez bidaliko zidala komentatu zidan. Komentatu eta egin.

nondik.jpg

24 ordu baino gutxiagoan teklatu berria etxean!

Frogak egin ditut eta ondo dabil, eta espero horrela jarraitzea, behintzat blogeko sarrera hau ez ezabatzeko. A ze poza! Ostegunean Euskal Encounter-era noa eta badakit behintzat ez ditudala madarikazioak botako teklatuaren erruz 5 egunez!

teklatu_berriya.jpg

Teklatu berriaren iruditxoa. Windows-en logo madarikatu hori zatarragoa da oraingoan! Baina tira, portatiletako teklatu orok behar duen gauzarik garrantzitsuena du: klitoria!