Liferea RSS / Atom irakurtzailearen bertsio berria kaleratu berri da. RSSa erabiltzaile askok ezagutzen ez duten altxor txiki bat delakotan nago eta, enpresa zein plataforma berriek “isilean” honen kontra egiten duten inpresioa izan arren, Internet kontsumitzeko modurik sanoenetako bat dela esango nuke.
Egia da RSSa gainbeheran dabilela eta Blog eta 2.0 terminoaren estandarrekin izan zuen momentu goren hori galduta dagoela baina niretzat eguneroko “tresna” da. Honen atzean dauden arrazoi nagusiak beste artikulu batean aztertu beharko nituzke, luzerako eman dezakeelako.
Nik gaur egun Feedly zerbitzua erabiltzen dut RSS jarioak jarraitzeko, egunean zehar plataforma ezberdinak erabiltzen ditudalako gehienbat. Hala ere, beti dut eskura Liferea eta gustuko izaten dut aplikazio honen mantenuan laguntzea, modu txikian bada ere.
1.10 bertsioa kaleratu zenetik ia 4 urte t’erdi behar izan ditu 1.12 bertsioak. Bertsio berrirako bi aldiz aldatu ditut euskarazko proposatutako jarioak, AppData metadatuak gehitu, GeoRSS euskarria berriz aktibatu pribatutasun arazoak ekiditeko ezgaitu baitzen; eta beste aldaketa txiki gehiago egin dizkiot. Pozik beraz Lars Windolf-ek bertsio berria kaleratzeko egindako lanarekin eta nire ekarpenak berrikusteagatik. Ea zein den nire hurrengo hobekuntza!