Etiketaren artxiboa: mexiko

Txapela buruan

Azkenaldian idatzi gabe ibili ondoren, azken txangoaren berri ematea tokatzen da. Bruselatik bueltan Thalys-en AHT batean DUTen txapa soinuak entzuten noa, etxera buelta nolabait animatu behar delakoan edo. Azken aldian handik honan nabilenaren inpresioa det gainean baina ez da bidai honekin amaituko.  Astebete Bruselan pasa ostean Euskal Herrira iritxi eta bertatik bueltan Mexikora noa, hilaren 10tik martxoaren 1a bitartean, gutxienez.

Bruselara iazko FOSDEMaren esperientziak utzitako zapore gazi-gozoa kentzeko balio izan dit. Ume txiki baten moduan ibili nintzen Belgikan egin genituen 48 orduetan eta minutu gehienak aprobetxatzen saiatu arren, oso denbora gutxi izan zen eta ezin hiriaz nahi adina gozatu. Aurten hori konpontzeko asmoz, 8 eguneko txangoa izan da, asteburua soilik izan behar.

Zentruko pixu batean montatu degu operazio basea eta beheko pixuan Euskal Herriko errefortzuak genituen. Lehen egunak Belgikako hainbat hiri bixitatzeko aprobetxatu genuen (Oostend, Brujas, Anberes eta Gent) eta ondoren Bruselan bueltaka ibiltzeko, parrandak tartekatuz. Bertako gastronomiaz gozatu (txokolateaz eta pixu pareko restaurante greko eta italiarrez), edari tipikoekin berotu (ezin zerrendatu esku hartetik pasa diren garagardo izen guztiak, baina denak izugarriak), transporte publikoan galdu eta bertako fauna autoktono ezarekin nahazteko patxada izan degu.

Azken asteburua aldiz FOSDEMera mugatu da, ahal bezain beste gauza ikusi eta ikastera, ezagunak nonnahi topatze nituen bitartean. Konferentziak bikain egon dira, antolakuntza zoragarri eta eguraldia lagun, ezin ezerrek huts egin! ULB unibertsitatean ez geunden bitartean Grand Place-n ‘frikien’ bila ibiltze giñen, askori kilometro t’erdira igertzen zaielako FOSDEM zaleak direla. GNOMEko kamixeta polit batekin nator etxera zarauzko musika plazan norbaitek topatu nahi banau.

Baina amaitu da. Orain etxera, maletatik gauzak atera, garagardoak hozkailuan sartu, txokolatearen banaketaren logistika planeatu eta bihar lanera. Lanera joan, enpresan egin diren lan elkarrizketak nola joan diren ikusi, azken kode aldaketak igo/jaitsi eta berriz maleta egitera. Mexikon dugun proiektuaren balidazio bat medio berriz joan behar dena ongi irten dadin ziurtatzera. Azken bidaian ezin izan genuen behar bezain beste frogatu “istripu” baten ondorioz eta orain froga haietaz gain berri batzuk. Espero dena ongi joatea eta martxoko lehen astean etxeko giroaz gozatu ahal izatea.

Udazkeneko aldaketak

Beti esan det udazkena dela neretzat urteko sasoirik onena. Agian ni jaio nintzelako da, agian hego haizez itsasoa politago ikusten dudalako da, edo lurreko hosto lehorrak zapaltzean entzuten diren doinuek lasaitzen nautelako. Batek daki. Kontua da udazkena aldaketa garaia izaten dela, edo nik behintzat horrela ulertzen dudala.

Bi urte ta pikuz nere etxe izan den Bull eta bezero izan den Eroski utzi eta abentura berri batean murgiltzen naiz. Elorriotik Donostiara. Multinazional eta kooperatiba batetik startup txiki batera. Sistemak administratzetik programatzera (fase hontan behintzat) nagusiki. Giro erdaldunetik euskaldunera. Eta lehen lanegun moduan Mexikora bidaia, aste t’erdiz gutxienez.

Bull-en gustora ibili naiz. Lankide jatorrak izan ditut eta beti erakusteko prest zeudenak. Gehienak 50 urtetik gorakoak izanik, gustora entzuten nituen 70-80. hamarkadako kontuak. Nork esango luke Eroskin ia garai hartako sistema bat dagoenik oraindik! Pena bakarra “hildako” proiektu batean denbora gehiegi egon izana da, ezer berririk egin gabe, eman ahal nituen guztiak aprobetxatu gabe.

Eroskiri buruz aldiz liburu oso bat idatz nezake. Laburbiltzen, ez zait kooperatibako giroa gustatu, ez sartu nintzeneko bonantza garai haietan ez gaur egun duten egoera txarrean. Jende jatorra esku bateko hatzez zenbatu ahalko nuke kasi. “Externoa” izanik nahiko mugatuta zaude bertako bizitzan eta bigarren mailako langile bat zarela argi geratzen da, eta bestela lasai, gogoraziko dizute. Horrenbeste jenderen artean gauza xelebre asko ikusi ditut baina beti egin zait arraroa formakuntza handirik gabeko batzuk goiko postuetan ikustea, esku artean zer duten ere ideiarik gabe, haizeak nondik jotzen duen ere ez dakitela. Bihotzez espero det hori IT departamendua bakarrik izatea, ze denak horrela badira, jai dute. Gehiago jakin nahi duenak twitter bidez botatzen nituen mezuak irakurtze besterik ez du.

Baina tira, orain etorkizuna da garrantzitsuena. Lankide guztiei zorte on desiatu ondoren, ordu gutxi barru Hondarribitik hegazkina hartu eta Madrilera noa. T4 terminalean pixkat nazkatu eta 12 orduko bidaia putzuaren bestaldera, Mexico City-ra. Bertan trenekin eta hauen segurtasunarekin zer ikusia duen proiektu bati heldu behar diot, edozein errekor gaindituko lukeen abiaduran gauza gehiegi ikasten ditudan bitartean.

Handik itzultzean esku artean ditudan hainbat proiekturi eutsi ta beste batzuei hautsak kendu beharko dizkiet. Etxetik gertuago egonik eta ordutegi hobeaz arazo handirik ez izatea espero det!

Mila esker azken bidaia hontan esku bat botatzeko prest egon diren guzti hoiei. Ez det uste hau sekula irakurriko dutenik baina tira, aupa zuek!