Etiketaren artxiboa: Proiektuak

Udazkeneko aldaketak

Beti esan det udazkena dela neretzat urteko sasoirik onena. Agian ni jaio nintzelako da, agian hego haizez itsasoa politago ikusten dudalako da, edo lurreko hosto lehorrak zapaltzean entzuten diren doinuek lasaitzen nautelako. Batek daki. Kontua da udazkena aldaketa garaia izaten dela, edo nik behintzat horrela ulertzen dudala.

Bi urte ta pikuz nere etxe izan den Bull eta bezero izan den Eroski utzi eta abentura berri batean murgiltzen naiz. Elorriotik Donostiara. Multinazional eta kooperatiba batetik startup txiki batera. Sistemak administratzetik programatzera (fase hontan behintzat) nagusiki. Giro erdaldunetik euskaldunera. Eta lehen lanegun moduan Mexikora bidaia, aste t’erdiz gutxienez.

Bull-en gustora ibili naiz. Lankide jatorrak izan ditut eta beti erakusteko prest zeudenak. Gehienak 50 urtetik gorakoak izanik, gustora entzuten nituen 70-80. hamarkadako kontuak. Nork esango luke Eroskin ia garai hartako sistema bat dagoenik oraindik! Pena bakarra “hildako” proiektu batean denbora gehiegi egon izana da, ezer berririk egin gabe, eman ahal nituen guztiak aprobetxatu gabe.

Eroskiri buruz aldiz liburu oso bat idatz nezake. Laburbiltzen, ez zait kooperatibako giroa gustatu, ez sartu nintzeneko bonantza garai haietan ez gaur egun duten egoera txarrean. Jende jatorra esku bateko hatzez zenbatu ahalko nuke kasi. “Externoa” izanik nahiko mugatuta zaude bertako bizitzan eta bigarren mailako langile bat zarela argi geratzen da, eta bestela lasai, gogoraziko dizute. Horrenbeste jenderen artean gauza xelebre asko ikusi ditut baina beti egin zait arraroa formakuntza handirik gabeko batzuk goiko postuetan ikustea, esku artean zer duten ere ideiarik gabe, haizeak nondik jotzen duen ere ez dakitela. Bihotzez espero det hori IT departamendua bakarrik izatea, ze denak horrela badira, jai dute. Gehiago jakin nahi duenak twitter bidez botatzen nituen mezuak irakurtze besterik ez du.

Baina tira, orain etorkizuna da garrantzitsuena. Lankide guztiei zorte on desiatu ondoren, ordu gutxi barru Hondarribitik hegazkina hartu eta Madrilera noa. T4 terminalean pixkat nazkatu eta 12 orduko bidaia putzuaren bestaldera, Mexico City-ra. Bertan trenekin eta hauen segurtasunarekin zer ikusia duen proiektu bati heldu behar diot, edozein errekor gaindituko lukeen abiaduran gauza gehiegi ikasten ditudan bitartean.

Handik itzultzean esku artean ditudan hainbat proiekturi eutsi ta beste batzuei hautsak kendu beharko dizkiet. Etxetik gertuago egonik eta ordutegi hobeaz arazo handirik ez izatea espero det!

Mila esker azken bidaia hontan esku bat botatzeko prest egon diren guzti hoiei. Ez det uste hau sekula irakurriko dutenik baina tira, aupa zuek!

Atzera begira, deskantsua eta indarberritzea

Euskal Encounter 16tik oraindik errekuperatu enaizen honetan tita batean hegazkina zai izango dut Portugalera bidaitxo bat egiteko. Zazpi egun Lisboa, Cascais, Estoril eta Sintra ezagutzeko. Konpainia ona eta eguraldia lagun izaten badugu aste interesgarria izango da. Itzuli eta Getariko festak Santa Klarekin jarraitua. Oporretan deskantsua hartu beharrean jo ta su ibiliko naiz beste behin.

Egia esan, hau izango da “benetako” oporretara kanpora joango naizen lehen aldia. Txikitan bidairik ez nuen egin eta batxilergo garaiko bidai bat kenduta oporretarako ez dut beste hegazkinik hartu. Bildur pixkat dudala esan behar, baina eztit inondik ere astelehen goizeko hotzikara sortzen.

Konturatu gabe ia urte bete osoa egin dut Elorrioko bulegoetan lanean. Eroski megaenpresak nola funtzionatzen duen ezagutzeko denbora eta bertako kooperatibismoa zertan datzan ere ezagutzeko parada izan dut, “gure” departamenduan behintzat: Faltsukeria edozein bazterretan eta paper-pasatze postu gehiegi. Lotsagarria.

Urtea pixkat errepasatzen hasita, 2007a oso fruktiferoa izan zen proiektu kopuruan eta hau ere motelago doan arren ez doa gaizki. Joxe Teknopatak proposatu zuen zazpi@2007 lehiaketan parte hartu dudan 3 proiektuk jaso zuten saria adibidez. Proiektuen zerrenda egin nahiean edo (ez dira inondik ere nire lana soilik, argi geratu dadila!):

2008a xuabeago doa neurri batean, nahi adina denbora ez dudalako, baino ez gabiltza geldi.

Oporretatik bueltan beste proiektu batzueikin jarraitu nahiko nuke, ala nola

  • Txaparro – noizbait amaitzeko asmoz.
  • Gentoo GNOME team – git-ek lenago erotzen ez banau…
  • Gentoo Hurd – lanean aspertzen banaiz eta aurrekoak bezala Git-ek erotzen ez banau
  • (ahazten zaidan proiekturen bat)
  • (proiektu ultra sekreturen bat)
  • (txertatu hemen zure proiektua)

Idazteak eta ondoren irakurtzeak nekatu egin nau. Agian ez da horrenbeste baino etzait gutxi iruditzen. Banoa. Abuztu erdirarte erdi deskonektatua ibiliko den baten partetik agurrak! Ondo izan!