Kategoriaren artxiboa: Orokorra

Eta zergatik ez Fedora?

Red Hat-en lanean hasi nintzenetik, portatilean Fedora dut instalatuta eta oso gustura darabilkit. Normalean, portatilean Debian erabili izan dut edo Ubuntu, garai batean. Hala ere, inoiz ez Ubuntu Unity mahaigainarekin, ez baitzait erabilgarria iruditzen.

Fedora komunitatean garatutako banaketa da eta Red Haten babesa du. 6 hilean behin saiatzen dira kaleratzen bertsio berri bat. Red Haten babesa izateak ez du esan nahi Red Hatek nahi duena egin dezakeenik, Canonical enpresak Ubunturekin egiten duen moduan. Red Hat Fedora komunitatearen parte da eta, nahiz eta Red Hatek proiektuari ekarpenak egin, komunitatearen ardura da banaketa aurrera ateratzea. Red Hatek, bere aldetik, bertsio berri bat kaleratzen denean, bere RHEL banaketa ospetsuak erabiliko dituen teknologia berriak probatu eta fintzeko erabiltzen du Fedora.

logo_fedoralogo

Fedorak software librea bakarrik dakar

Software librearen inguruan askotan hitz egiten bada ere, ez gara ohartzen banaketek maiz librea ez den softwarea dakartela edo eskuragarri jartzen dutela. Multimedia formatu ezberdinak irakurtzeko codek-ak, hardwareak funtzionatzeko behar dituen driverrak edo, laster guztiz desagertzea espero dudan, Adobe Flash bezalako softwarea ez da librea.

Horregatik, orain aipatutakoak ez dira Fedoraren iturrietan aurkitzen, Fedorak dakarren software guztia librea baita. Horrek ez du esan nahi Fedorak horiek instalatzea ekidingo duenik, baino ez du iragarriko instalatzeko aukerarik.Software mota hori eskuratzeko, hainbat proiektu daude eta lan askorik gabe lortu eta instalatu daitezke.

Are gehiago, Fedora eta Linux-libre proiektuari esker banaketa guztiz purua lortu daiteke. Fedora kernel-ean erabiltzen diren binario itxi batzuen ondorioz ez da erabat librea baina Linux-libre proiektuaren bitartez kernel guztiz librea erabiltzeko aukera dago.

Fedorak GNOMErekin dagoen integraziorik onena du

Fedorak GNOME purua dakar, inolako aldaketa handirik gabe. Era berean, Fedoraren bertsio berriak GNOMEren azken bertsioa dakar beti.

Arch Linux edo Ubuntu GNOMErekin antzeko esperientzia lortu daiteke baina banaketa horiek orokorragoak diren banaketa baten moldaketa dira, GNOMErekin integratzeko, eta ez lehen mailako oinarria.

Nik asko eskertzen dut zuzenean GNOMEren garatzaileek sortutako softwarea erabiltzea, inolako moldaketarik gabe.

Fedora erabiltzeko erraza da

GNOMEren erabilera erraza eta naturala da. GNOME asko hobetu da eta inoiz baino errazagoa da erabiltzeko. Eta oinarrizko eskaintza nahikoa ez bada, hedapen bidez eta ezkutuko aukeren bidez, moldatu daiteke ia edonoren beharretara.

Azken bertsioetan, gainera, posible da Fedora berriago bat mahaigaina erabilita instalatzea, modu grafikoan. Oso erosoa.

fedora25-1

Fedorak komunitate zabalago baterako egiten du lan

Fedoraren garapena ez da Fedorarako bakarrik egiten, komunitate zabalago baten mesede egiten saiatzen da. Red Haten babesa bitarteko edo komunitateren borondatez, pixkanaka, Fedora banaketa guztietan topatzen diren software ezberdinen jatorri izan da. Besteak beste, PulseAudio, systemd bera edo Wayland grafiko zerbitzaria.

Ez, ez diot horiek Fedorak sortu dituenik, baino Fedora izan da betidanik horrelako apustu serioen oinarri eta erakusgarri. Ubunturen kasuan aldiz, GNOME alde batera utzi eta, nik dakidala, eurek bakarrik erabiltzen duten Unity mahaigaina diseinatu dute. Alegia, urteak lanean daraman Wayland-en ordez, eurek bakarrik darabilten MIR garatu dute.

Fedorak azken teknologia dakar

Aipatu bezala, Fedorak beti GNOMEren azken bertsioak izango ditu eta baita beste zenbait aplikazio, liburutegi eta kernel-ena.

Kasu honetan, ez du Gentoo edo Arch banaketen modura, beti azken momentuko eguneraketak izango (rolling release deitzen diren banaketak) baino sei hilero ia azkena ekartzeaz gain, tarteka eguneraketak jasotzen ditu.

Adibidez, Fedora 24 Linux kernel-aren 4.5 bertsioarekin kaleratu zen eta gaur egun 4.8 bertsiora eguneratu da. Hori oso interesgarria da, Fedora berri oso bati itxaron beharrik gabe hainbat berrikuntza erabili ahal direlako. Edo LibreOffice-en kasua, non maiz eguneraketak dauden formatu ezberdinen hobekuntzak izateko.

Fedora 25 kalean

Nire azken hilabeteetako esperientzia kontutan hartuta, eta Fedoraren 25. bertsioa kalean den honetan baina inguruan askok Ubuntu darabiltela ikusita, hauxe galdetu nahiko nuke: eta zergatik ez Fedora?

Aldaketa bat bi aldiz

Tira, zer dira hiru urte hemen ezer idatzi gabe? Batek pentsa dezake aldaketa gutxi izan direla azken denboraldian baino kontrakoa juxtu. Azken mezua idatzi ta urtebetera hasi ziren gauzak aldatzen.

Hainbat elkarrizketa tarteko lan berria topatu nuen eta 2014ko azaroan NetApp enpresa hasi nintzen lanean. NetApp almazenamendu (storage) munduko liderretako bat da. Bartzelonan zen postua eta Field Support Engineer lanetan ibili naiz. Horrelako izenek txunditzen naute: edonork asmatu dezake horrelako bat eta irudimen pixkatekin ziur badela lanik hori deskribatzen duena. Nire funtzioa? Ba pixka bat gehiago ordaintzen zuten bezeroei bizitza errazago egitea.

NetApp-en, lehen Network Appliances, logotipoa.
NetApp-en, lehen Network Appliances, logotipoa.

Postua Bartzelonan izan arren denbora gehiena EHn egin nuen: urruneko lana, a ze aurkikuntza! Londres eta hainbat aldiz Amsterdamen ere izateko aukera izan nuen. Baita Valentzia, Madrid, Burgos, Alicante, Logroño, Vigo, Pau, Toulouse eta beste hainbat tokitan ibili naiz, gehienetan zehatz-mehatz non nintzen ere jakin gabe. Azken bidai handia Berlinera izan zen, enpresaren Europako feriara, Insight deitzen dena eta ehundaka pertsona biltzen dituena. Tempelhof-eko aireportuan izandako afari-festa oraindik liluratuta nauka. Txikira eta gertutasunera ohituta gaudenok, edo ni behintzat bai, horrelako eszenifikazioekin zorabiatu moduan geratzen naiz.

Berlinen, Tempelhof-eko aireportuan, izandako afaria NetApp-en Insight konferentzian.
Berlinen, Tempelhof-eko aireportuan izandako afaria NetApp-en Insight konferentzian.

Baino storage merkatua ez da garai batean zena. Amazon eta beste cloud-ak,  flash teknologiak eta lehiatzaile berrien sarrerak merkatuan, entzuteaz nazkatu nauen krisiarekin batera, zenbakiak behera egin dezaten lortu dute. Behera ez du esan nahi galera, lehen bezain beste ez irabaztea baizik. Burtsan dagoen NetApp-en inbertsoreek diru gehiago nahi dute ordea eta ez den tokitik atera ezin denean barrutik pisua kendu behar.

1500 langile, enpresaren %12 inguru, kaleratzea izan zen erabakietako bat. CEOak dionean irabazietatik 70-80 milioi dolar gorde dituela kaleraketak ordaintzeko , badakizu ez dela txantxetako kontua. Ez dakit beste 1499ek argi ikusi zuten, baino nire susmoak bete ziren eta martxoaren 1ean kaleratu ninduten.

“Ez zara zu, gu gara”. “Ez duzu ezer gaizki egin baina (zurekin sekula hitz egin ez duen eta zertan zabiltzan ez dakien norbaitek zure zenbakia ikusi eta enpresaren ekonomiarentzat edo, hobe esanda, inbertsoreen irabazientzat zu ez egotea onuragarriagoa dela deritzo)”. “Ez da besterik, mila esker zure 16 hilabeteko esfortzuarengatik”. Hotza da, errealitatea da.

Trajikomedia baten modura gertatu zen dena eta ziur nago Madrilgo bulegoan ikusi ninduten askok ez dutela inoiz ahaztuko nola izan zen dena. Bat baino gehiago aho zabalik ustea lortu nuen behintzat! Horrelakoak hobe beti umorez hartu eta aurrera egin.

Bi aste potroz gora eta berriz martxan jarri behar. Kontziliazio ekitaldia Madrilen, elkarrizketak, deiak, mezuak, animoak, gomendioak, erreferentziak, liburuak, laborategiak, azterketak…: kaosa, noraeza eta etsipena. Zerbait berri hasi, zerbait zaharra berreskuratu, kanpora joan, oso kanpora joan, etxean geratu, datorren lehena hartu, bide orri bat sortu…?: aintzinako mamuak ikusi lotan eta kezka berriekin esnatu goizetan.

Lagunak, lankideak, ezagunak eta familia, berria jakin bezain pronto, jartzen dira alternatibak eta irteerak aipatzen. Eskerrik asko denei. Aurreko enpresetatik ere lan aukerak jasotzeak behintzat argi uzten dit gauza bat: gauzak ondo egin behar dira, bizitzak buelta asko ematen baititu.

Eta ezin esan bat-batean baina bai lan askoren ondoren, izerdi eta dar-darren ostean, eskaintza interesgarri bat iritsi zen. Eskolako patioan futbolean eta futbolari izateko ametsetan dabilenari Errealean jokatzeak eman dakioken zirrararen edo pasioz sutartean dagoen sukaldariari miresten duen Arzak alboan lan egiteak soru dakioken bertigoaren adinakoa da bizitza erdia Linux eta software librearekin frikeatzen eta lerro hauek idazten dabilenari Red Haten lan egiteko aukera izateak.

Maiatzaren 10az geroztik Red Hateko langile naiz eta Senior Cloud Consultor da nire lanaren titulua. Zereginak oraindik ez ditut ehuneko ehunean garbi, baino OpenStack, Ceph, Ansible, Kubernetes eta horrelako hitzen atzean ezkutatzen diren teknologia ireki eta boteretsuekin ibiliko naiz jo ta ke.

Red Hat-en logoa, Shadowman-ekin, langileok jasotzen dugun fedora gorriarekin.
Red Hat-en logoa, Shadowman-ekin, langileok jasotzen dugun fedora gorriarekin.

Postua Madrilen da eta oraingoan ez da, printzipioz behintzat, urreneko lana. Lehen proiektua Tres Cantos izeneko herri batean da. Horregatik, hementxe nago, alokairuan hartu dudan pisu huts batean, Ikeako Lack mahai bat aulkitzat dudala, ia ilunpetan, egongela labe bilakatuta bertan erretzen dabilen oilaskoa ni banintzateke bezala. Hasierak ez dira inoiz errazak eta hasierako malda hau gainditzen laguntzen dabiltzan orori nire eskerrik beroena.

Bihotz bihotzez besardaka bero bat txanpa berri hau lortzen lagundu didan edonori. Ikus dezagun nora naraman abentura berri honek!

eghost 2013: systemd hitzaldia

Badira iada urte mordoxka bat Deusto unibertsitateko e-ghost taldeak udan kurso txikiak antolatzen dituela. Aurtengo edizioan hitzalditxo bat ematera animatu naiz systemd-ren inguruan. systemd betidanik erabili izan dugun System V init-en ordezkoa da eta hasieran sistemaren zerbitzuen kudeaketa hobetzea helburu izan arren gaur egun sistemarengan kontrol handiagoa ematen duen proiektu zabalagoa da. Hitzaldira dozenatik gora lagun elkartzea lortu nuen eta emaitzarekin gustora geratu nintzen.

Prestatutako aurkezpena zerbitzarira igo dut eta hitzaldian grabatutako bideoa ere sarea dago iada. Biak gaztelaniaz daude eta bideoak 2 ordutik gora irauten du.

Software Libre ikastaroa Putzuzulon

27zapatak bere blogean idatzi du honen berri eta nik nerea ere erakusleiho bezela erabili nahi dut gaurkoan. Datorren larunbatean, hilak 18, Software librearen nazioarteko eguna da eta ospatzekoa asmoz ostiralean, hilak 17, Putzuzulo Amets Fabrikan elkartuko gara Software Librearen munduak sortzen dituen galdera eta kezkak erantzuteko asmoz. Iratxe Esnaola eta biok ibiliko gara maixu lanetan eta honako egitaraua dugu planteatuta.

Irailak 17 ostirala, 16:30etatik aurrera:

  • Sarrera
  • Teoria minimo bat
  • Ubunturen instalazioa [ windows partizioa mantenduz; nahi baduzue, zuen ordenagailua ekar dezakezue ]
  • Aurrera begira: paketeak eta aplikazioak
  • Aurrera begira: nola segi etxean, norberak bere kabuz

Bazatoz?

Sare neultratsuna

Pasa den astean Gaur8rako artikulu bat idatzi nuen sare neutraltasunaren inguruan.  Arazo teknikoren baten ondorioz edo berandu ibili nintzelako, batek daki, Txopik prestastu zidan irudia ez zen argitaratu eta pena eman zidan, irudia espreski egin zidalako korrika eta presaka azken momentuko jabber elkarrizketa batean.

Irudiak euskaraz sare neutraltasuna galduko balitz izango genukeen arazoetako bat azaltzen du ulertzeko modu errazean eta lizentzia egoki batean. Beraz hor irudia, svg fitxategia eta nire eskerrik beroenak Txopi!!

net-neutrality-300ppp
Irudia formatu bektorialean

Txapela buruan

Azkenaldian idatzi gabe ibili ondoren, azken txangoaren berri ematea tokatzen da. Bruselatik bueltan Thalys-en AHT batean DUTen txapa soinuak entzuten noa, etxera buelta nolabait animatu behar delakoan edo. Azken aldian handik honan nabilenaren inpresioa det gainean baina ez da bidai honekin amaituko.  Astebete Bruselan pasa ostean Euskal Herrira iritxi eta bertatik bueltan Mexikora noa, hilaren 10tik martxoaren 1a bitartean, gutxienez.

Bruselara iazko FOSDEMaren esperientziak utzitako zapore gazi-gozoa kentzeko balio izan dit. Ume txiki baten moduan ibili nintzen Belgikan egin genituen 48 orduetan eta minutu gehienak aprobetxatzen saiatu arren, oso denbora gutxi izan zen eta ezin hiriaz nahi adina gozatu. Aurten hori konpontzeko asmoz, 8 eguneko txangoa izan da, asteburua soilik izan behar.

Zentruko pixu batean montatu degu operazio basea eta beheko pixuan Euskal Herriko errefortzuak genituen. Lehen egunak Belgikako hainbat hiri bixitatzeko aprobetxatu genuen (Oostend, Brujas, Anberes eta Gent) eta ondoren Bruselan bueltaka ibiltzeko, parrandak tartekatuz. Bertako gastronomiaz gozatu (txokolateaz eta pixu pareko restaurante greko eta italiarrez), edari tipikoekin berotu (ezin zerrendatu esku hartetik pasa diren garagardo izen guztiak, baina denak izugarriak), transporte publikoan galdu eta bertako fauna autoktono ezarekin nahazteko patxada izan degu.

Azken asteburua aldiz FOSDEMera mugatu da, ahal bezain beste gauza ikusi eta ikastera, ezagunak nonnahi topatze nituen bitartean. Konferentziak bikain egon dira, antolakuntza zoragarri eta eguraldia lagun, ezin ezerrek huts egin! ULB unibertsitatean ez geunden bitartean Grand Place-n ‘frikien’ bila ibiltze giñen, askori kilometro t’erdira igertzen zaielako FOSDEM zaleak direla. GNOMEko kamixeta polit batekin nator etxera zarauzko musika plazan norbaitek topatu nahi banau.

Baina amaitu da. Orain etxera, maletatik gauzak atera, garagardoak hozkailuan sartu, txokolatearen banaketaren logistika planeatu eta bihar lanera. Lanera joan, enpresan egin diren lan elkarrizketak nola joan diren ikusi, azken kode aldaketak igo/jaitsi eta berriz maleta egitera. Mexikon dugun proiektuaren balidazio bat medio berriz joan behar dena ongi irten dadin ziurtatzera. Azken bidaian ezin izan genuen behar bezain beste frogatu “istripu” baten ondorioz eta orain froga haietaz gain berri batzuk. Espero dena ongi joatea eta martxoko lehen astean etxeko giroaz gozatu ahal izatea.

Udazkeneko aldaketak

Beti esan det udazkena dela neretzat urteko sasoirik onena. Agian ni jaio nintzelako da, agian hego haizez itsasoa politago ikusten dudalako da, edo lurreko hosto lehorrak zapaltzean entzuten diren doinuek lasaitzen nautelako. Batek daki. Kontua da udazkena aldaketa garaia izaten dela, edo nik behintzat horrela ulertzen dudala.

Bi urte ta pikuz nere etxe izan den Bull eta bezero izan den Eroski utzi eta abentura berri batean murgiltzen naiz. Elorriotik Donostiara. Multinazional eta kooperatiba batetik startup txiki batera. Sistemak administratzetik programatzera (fase hontan behintzat) nagusiki. Giro erdaldunetik euskaldunera. Eta lehen lanegun moduan Mexikora bidaia, aste t’erdiz gutxienez.

Bull-en gustora ibili naiz. Lankide jatorrak izan ditut eta beti erakusteko prest zeudenak. Gehienak 50 urtetik gorakoak izanik, gustora entzuten nituen 70-80. hamarkadako kontuak. Nork esango luke Eroskin ia garai hartako sistema bat dagoenik oraindik! Pena bakarra “hildako” proiektu batean denbora gehiegi egon izana da, ezer berririk egin gabe, eman ahal nituen guztiak aprobetxatu gabe.

Eroskiri buruz aldiz liburu oso bat idatz nezake. Laburbiltzen, ez zait kooperatibako giroa gustatu, ez sartu nintzeneko bonantza garai haietan ez gaur egun duten egoera txarrean. Jende jatorra esku bateko hatzez zenbatu ahalko nuke kasi. “Externoa” izanik nahiko mugatuta zaude bertako bizitzan eta bigarren mailako langile bat zarela argi geratzen da, eta bestela lasai, gogoraziko dizute. Horrenbeste jenderen artean gauza xelebre asko ikusi ditut baina beti egin zait arraroa formakuntza handirik gabeko batzuk goiko postuetan ikustea, esku artean zer duten ere ideiarik gabe, haizeak nondik jotzen duen ere ez dakitela. Bihotzez espero det hori IT departamendua bakarrik izatea, ze denak horrela badira, jai dute. Gehiago jakin nahi duenak twitter bidez botatzen nituen mezuak irakurtze besterik ez du.

Baina tira, orain etorkizuna da garrantzitsuena. Lankide guztiei zorte on desiatu ondoren, ordu gutxi barru Hondarribitik hegazkina hartu eta Madrilera noa. T4 terminalean pixkat nazkatu eta 12 orduko bidaia putzuaren bestaldera, Mexico City-ra. Bertan trenekin eta hauen segurtasunarekin zer ikusia duen proiektu bati heldu behar diot, edozein errekor gaindituko lukeen abiaduran gauza gehiegi ikasten ditudan bitartean.

Handik itzultzean esku artean ditudan hainbat proiekturi eutsi ta beste batzuei hautsak kendu beharko dizkiet. Etxetik gertuago egonik eta ordutegi hobeaz arazo handirik ez izatea espero det!

Mila esker azken bidaia hontan esku bat botatzeko prest egon diren guzti hoiei. Ez det uste hau sekula irakurriko dutenik baina tira, aupa zuek!

RHCE naiz!

Astebetez Madrilgo beroak jasaten ibili ostean, RHCE agiria lortu det, “crown jewel of Linux certifications” izenez ere ezagutua. Red Hat ez da inondik ere nire banaketa gustokoena, Gentoo eta Debian nahiago ditudalako, baina lan kontuetan ez da beste erreferenterik kasi.

Azterketa ez da zaila; 3.5 ordutan burutu beharrekoa eta dena kontrolpean izanda azken ordu erdia libre ‘soberan’ dago kasi. Urteetan GNU/Linux erabili duten administrarientzat azterketa xinplea da baina badira SELinux bezelako kontu batzuk egunerokotasunean oraindik ikutzen ez direlako pixkat arrotzak egiten zaizkigunak.

Norbait noizbait animatzen bada eta kezkarik  badu edo kuriositate morbosoa soilik, nire experientzia gustora kontatuko nioke. Ezin azterketaren ingurukoak idatzi, konfidentzialtasun klausula bat sinatu behar delako (flipaus!).

Ea orain honi esker lan kontuak hobetzen diren!

Musika partekatzen sare lokalean DAAP erabiliaz

Etxean Debian darabilen zerbitzari txiki bat det, oso kontsumo baxukoa (Via C7 bat), ta bizpairu makina handixeago gauza ezberdiñetarako.  Zerbitzaria laborategi txikia izateaz gain p2p bezero bezala erabiltzen det mldonkey zerbitzaria erabiliaz eta honekin jaitsitakoak beste makinetan irekitzen ditut. Jaitsitako diskoak zein ripeatutako KDak batetik bestera kopiatzen ibili beharrean ‘zentralizatua’ edukitzea bururatu zait eta hauek samba/NFS bidez partekatu beharrean hortik barrena bilatzen hasita irtenbide hobea topatu det: DAAP.

Protokolo hau Apple-ek iTunes 4.0 bertsioan kaleratu zuen eta sare lokalean inolako konfiguraziorik gabe musika partekatzeko balio du. Horretarako Zeroconf teknologia erabiltzen du, sare lokaleko makinetan zerbitzuak iragartzeko IPa zein den axola gabe adibidez. GNU/Linux makinetan teknologia hau Avahi izena duen aplikazio baten bitartez erabiltzen da, Windows-en aldiz Bonjour deituriko aplikazioa dago.

DAAP zerbitzaria montatzea uste baino errezagoa izan da, Debianen behintzat. Nahikoa da zerbitzarian honakoa idatzi eta kitto.

# apt-get install mt-daapd

Honek mt-daapd zerbitzaria instalatzeaz gain avahi ere instalatu eta abiaraziko du. mt-daapd aplikazioak, orain Firefly Media Server izenpean ezagutzen denak, konfigurazio fitxategi xinple eta bakarra dakar

/etc/mt-daapd.conf

Eta baita webgune interfaze eroso bat http://zerbitzaria:3689 helbidean. Nahikoa da webgune bidez edo aipatutako fitxategian gure audio fitxategiak non dauden esan

mp3_dir = /home/media/music

eta gorde ostean zerbitzua berrabiaraztea.

# /etc/init.d/mt-daapd restart

Hau egin ostean iTunes irekita eta Bonjour aktibatua badago (lehenetsia da horrela) elkarbanatutako audio fitxategiak agertuko dira. Berdina gertatuko zaigu rhythmbox aplikazioarekin adibidez, beti ere DAAP euskarria gaituta badauka pluginen artean.

itunes-daapd
iTunes 8.0.2 Debianen mt-daapd erabiliaz partekatutako audio fitxategi batzuk erakusten

Arazo bakarra parteketutako abestiak ezin ditudala iTunes bidez nere iTouch-era pasa, baina posible det rhythmbox-ekin nere iPod Mini zarrera pasa. Honek esan nahi du GNU/Linux-ek jailbreak gabe dauden iTouch-en sistema desfrizatzea lortzen denean lasai asko kopiatu ahalko ditudala abestiak, bitartean itxarotea besterik ez daukat. IRCan topatu nuen garatzaile baten hitzetan hilabete bat edo bi, ea egia den! Apple-eko abokatuek Ipod Hash proiektua DMCA takedown agindu batekin itxi ez balute agian aspaldi lortua genuen…

Lawrence Lessig Gasteizen

Lawrence Lessig-ek Gasteizen hitzaldia eman behar zuela dozena bat tokitan irakurtzea posible izan da, baita hitzaldiaren kronikatxoa amaitu bezain pronto.

Gustora egon nintzan hitzaldian. Dena ulertu ta barneratu. Ikasi eta gogoratu. Liburua ere sinatu zidan. Txipik nik itzulitako testutxoan nola trabatzen zen ere ikusteko aukera izan genuen eta azkenean e-ghost-eko kamixeta lortzekoa!

20081020339

Mikelentzat, “zerbaitekin”, Lawrence Lessig

Baina eguneko parrerik handienak bazkaltzen bota nituen beste txiokalariekin.

200810173102008101731320081017312200810173112008101731420081017315